Musika-Músican ia 120 urteko historia duen partitura bat darabilgu

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren partitura-artxiboan zenbait altxor txiki daude, BOSen historia biltzen dutenak, eta, sarritan, baita askoz gehiago ere.

Altxor horietako bat da Felix Mendelssohn konpositorearen Uda gau bateko ametsa (Ein Sommernachtstraum), eta Musika-Música 2023 jaialdiaren hasierako kontzertuan interpretatuko dugu. Kontzertu hori ostiral honetan izango da, martxoaren 3an, 19:00etan.

Felix Mendelssohn
Felix Mendelssohn

Obra horren partitura Breitkopf & Härtel argitaletxeak argitaratu zuen, ustez munduko musika-argitaletxerik zaharrena dena, eta Bilboko Sozietate Filarmonikoaren zigilua darama, gure orkestra sinfonikoaren sorrera bultzatu zuten Bilboko kultura-erakundeetako batena, hain zuzen.

Triangelurako partitxelan musikariek idatzitako oharrak perkusiorako beste partitxela baten parean (zinbalak-txindatak).

Eta partitxeletako baten azken orrialdeak (obrako instrumentu bakoitzari dagokion partitura da partitxela), sorpresa txiki bat eta historiaren aztarna batzuk ere gordetzen ditu.

Zehazki, Mendelssohnen pieza hori jotzeko triangelurako partitxela erabili zuten musikari askok beren izena eta jotzeko data utzi zituzten bertan idatzita.

Horietako hiru gure orkestrako kide izan ziren.

Triangelurako partitxelaren azken orrialdearen xehetasuna. Bertan, musikarien oharrak ikus daitezke: izena, sinadura eta jotzeko urtea.

Esteban Novoa 1932an

Kontzertuari erreferentzia. El Pueblo Vasco, 1932ko azaroaren 27a

1932ko azaroaren 27an Bilboko Sozietate Filarmonikoan Arambarri Maisuak zuzenduta emandako kontzertu batean.

Bertan, aipatutako Mendelssohnen obra horretaz gain, Borodinen Asia erdialdeko estepetan eta Stravinskiren Suzko txoria 2. suite obrak ere jo ziren.

Bitxikeria bat aipatze aldera, partitxelan idatzitako data azaroaren 21a da. Dudarik gabe, egun horretan perkusionistak partitxela eskuratu zuen saioak hasteko.

Jaime Adsuar 1947an

El Correo Español- El Pueblo Vasco. Referencia al concierto del 4 de mayo de 1947 y a la gira posterior
El Correo Español – El Pueblo Vasco. 1947ko maiatzaren 4ko kontzertuari eta ondorengo birari erreferentzia

Mendelssohnen pieza hori, Arambarri maisuaren zuzendaritzapean, 1947ko maiatzaren 4an interpretatu zen Buenos Aires Antzokian, denboraldi sinfonikoaren barruan, Ravelen Dafnis eta Cloe, zati sinfonikoak eta Wagnerren Tristan eta Isolda, Isoldaren preludioa eta heriotza obrarekin eta Tannhäuser operaren oberturarekin batera.

Baina partitura horrek urtean zehar bidaiatu behar izan zuen, denboraldiko kontzertu horren ondoren BOSek udaberriko birari ekin baitzion, eta bira horretako etapa batzuetan interpretatu zen:

      • Gasteizen (1947/5/7)
      • Zaragozan (1947/5/11)
      • Leónen (1947/5/16)
      • Pontevedran (1947/5/21)
      • Vigon (1947/5/25)
      • Oviedon (1947/5/27)

Bira horretan BOSek 24 kontzertu eman zituen 24 egunetan. Maiatzaren 7an Gasteizen hasi ziren, eta 30ean Gijónen bukatu.

Tomás Crespo 1957an

Oraingo honetan, orkestrak eta Mendelssohnen partiturak ez zuten horren interpretazio «bidaiaria» egin. 1957ko urriaren 9an interpretatu zen Buenos Aires Antzokian, Babierren zuzendaritzapean eta denboraldi sinfonikoaren barruan. Mozarten Enpresaburua obraren oberturaz gain, Chopinen Pianorako 2. kontzertua eta Weberren Isileko ehiztaria obraren obertura jo zituzten

Baina partitxeletako lehenengo oharra orkestra bera sortu baino lehenagokoa da.

Antonio Pérez 1906an

Zehazki, Bilbao Orkestra Sinfonikoa sortu baino hamasei urte lehenago idatzi zuen musikari horrek oharra. Beraz, orkestrak ez du emanaldi horren erreferentziarik.

Triangelurako partitxelaren azala, zeinean musikarien oharrak idatzita baitaude.

Partitxela horrekin Mendelssohnen obra interpretatu zuten musikarien ohar horiek orkestraren historiaren zati bat gogora ekartzen laguntzen digute, eta BOSen artxiboan gordetako partitura horri buruzko informazio baliotsua ematen digute; izan ere, gutxienez 120 urte inguru daramatza bizirik eta oraindik ere «operatibo» dago.