Rudolf Buchbinderrek bertan behera utzi du bere saioa. Eldar Nebolsin arituko da haren ordez

Bilbon, 2014ko otsailaren 11n
 
Osasun arazoak direla eta, Rudolf Buchbinderrek bertan behera utzi behar izan ditu bakarlari gisa eskaini behar zituen emanaldiak, ostegun eta ostiral honetan BOSekin eman behar zituen kontzertuetan. Gure Denboraldi Sinfonikoko egitarau honetan haren ordez arituko den bakarlaria Eldar Nebolsin piano-jotzaile uzbekistandar ospetsua izango da. Bakarlari hori beste zenbait alditan ere izan da BOSen denboraldian. Azken aldia 2012ko martxoaren 22an eta 23an izan zen.
 
Eldar Nebolsinen biografia
Eldar Nebolsin 1974an jaio zen, Tashkenten (Uzbekistan). Bere nazioarteko ibilbidea 1992an hasi zen, Santanderko XI. Paloma O’Shea Nazioarteko Piano Lehiaketa irabazi ostean. Bertan, 17 urterekin besterik ez, Sari Nagusia eta Mozarten pianorako kontzertu baten Interpretaziorik Onenaren Saria lortu zituen. Urtebete lehenago, Espainiara iritsi zen, Dmitri Bashkirov pedagogo eta piano-jotzaile entzutetsuarekin ikastera. 2005ean, ospe handia duen Sviatoslav Richter Saria lortu zuen Moskun.
Maiz kolaboratzen du izen handiko nazioarteko orkestrekin; esate baterako, New York Philharmonic, Chicago Symphony Orchestra, Montrealgo Orchestre Symphonique, Berliner Symphoniker, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin, Parisko Orchestre, Erromako Santa Zezilia, Lisboako Gulbenkian, Tokyo Metropolitan Orchestra, Sydney Symphony Orchestra edo Wiener Kammerorchesterrekin, besteak beste, Espainiako orkestra nagusiekin aritzeaz gain. Era berean, sona handiko zuzendariekin egin izan du lan; besteak beste, Mstislav Rostropovich, Ricardo Chailly, Yuri Temirkanov, Leonard Slatkin, Charles Dutoit, Vladimir Ashkenazy, Yakov Kreizberg, Vasili Petrenko, Vladimir Spivakov, Lawrence Foster, Bernhard Klee eta Espainiako batutarik bikainenetako batzuekin.
Piano-jotzaile kontzertista izateaz gain, hainbat errezitaldi eskaini ditu areto ugaritan: Zuricheko Tonhallen, Washingtongo Kennedy Centerren, Torontoko Roy Thompson Hallen, New Yorkeko 92nd Street eta Carnegie Hallen, Municheko Herkuless Saalen, Parisko Chatelet Antzokian, Hanburgoko Musikhallen eta Milanen, Hungarian, Jugoslavian, Luxenburgon eta abar. Eldar Nebolsinek ganberako musikari eskaintzen dio bere jardueraren zati bat. Esparru horretan, punta-puntako bakarlariekin kolaboratu izan du; besteak beste, Julian Rachlin, Alexey Ougrinchouk, Maxim Rysanov, Gustav Rivinius, Denis Goldfeld edo Wolfgang Schmidtekin.
Decca, Universal, Artenova edota Naxos disko-etxeetarako grabatu izan du, eta azken horretako artista esklusiboa da 2006tik. Disko-etxe horrekin grabatu zuen lehenengo albumak, Rachmaninoven Preludioetan oinarritutakoak, kritika bikainak izan zituen nazioarteko prentsan. Gainera, Liszt, Dohnanyi eta Chopinen obrak grabatu izan ditu, eta, hain zuzen ere, Chopini eskaini dizkio bere azken konpaktuak: 2010ean, Chopin Urtea zenez, piano eta orkestrarako obra osoa grabatu zuen Warsaw Philharmonic Orchestrarekin, Antoni Witen zuzendaritzapean. Vasily Petrenko, JoAnn Falletta edo Vladimir Ashkenazy zuzendariekin ere grabatu ditu diskoak.
 
Eldar Nebolsini buruzko informazioa eta argazkiak hemen daude ikusgai:
Información y fotografías de Eldar Nebolsin en:
http://www.musiespana.com/artistas/eldar-nebolsin/biografia_artista/index.html
Eldar Nebolsin playing Clementi and Rachmaninov. Live from Madrid february 2012