STRADIVARIUS BATEN SOINUA IZANGO DUGU BOSEKIN BATERA, MUSIKA-MÚSICA PROGRAMAN
BOSek Musika-Música 2017 jaialdian eskainiko dituen kontzertuetan, II biolinen ataleko lehenengo atrilean izango da noizbehinka gurean gonbidatu gisa izaten dugun musikari bat: Vicente Cuevas.
Baina oraingoan, BOSera egindako bisitak oso balio berezia dauka: BOSeko gainerako kideekin batera, Mahler eta Dvorák interpretatuko ditu, eskuetan harribitxi mitiko bat duela: 1691ko Antonio Stradivari “Auer” biolina.
Instrumentua Roger eta Huguette Duboisek laga diote, Partita Shoah Biolin Solorako eta Tenplu Sakratua obra grabatzeko. Duboistarrak Canimex Taldearen jabeak dira, eta Quebecen (Kanada) dute egoitza. Holokaustoaren oroimenari eskainitako diskoa da; helburu bakar horrekin egiten den lehen lana da. Musika Jorge Grundmanena da; izan ere, musikari madrildar horren aitona-amonak Varsoviako ghettoan hil zituzten naziek. Obra horretako mugimendu bakoitza kontzentrazio-eremu eta ghetto bakoitzari eskainita dago.
Apirilean aurkeztuko den diskoa grabatu ondoren, Vicente Cuevasek biolin hori erabili ahal izango du hainbat hilabetetan. 1691ko Antonio Stradivari “Auer” biolinak izen hori dauka, zeren, tradizioari jarraiki, 300 urteko instrumentu paregabe horiei beren jabe edo erabiltzailerik ospetsuenaren izena jartzen zaie. Leopold Auer biolin-jotzaile juduarena izan zen aipatutako biolina. Errusiako eskolaren aitzindaria izan zen, eta, gainera, XX. mendeko biolin-jotzaile judu handi askoren irakaslea ere izan zen.
Bilbon lehen aldiz gozatu ahal izango dugu bere soinuaz, BOSek Musika-Música programaren barruan eskainiko dituen hiru kontzertuetan: Gustav Mahlerren 2. sinfonia (osteguna eta larunbata) eta Dvoráken Biolontxelorako kontzertua (larunbata).