2021-2022 denboraldia

Denboraldi Sinfonikoa 2021-2022

Erik Nielsen Director Titular de la BOS

DAMA ADINTSU SAMAR BAT

Bilbao Orkestra Sinfonikoak 100 urte beteko dituen denboraldia aurkezten ari gara. Arriaga antzokian 1922ko martxoaren 8an Armand Marsick lehenengo zuzendariaren eskutik munduratu zen dama hark irmo jarraitzen du aurrera, Bizkaiko musikaren erreferente izaten, gizartearen zerbitzuan.

Orkestra hainbat eta hainbat pertsonak osatutako taldea da, eta gutxik bezala ordezkatzen du gizartearen aniztasuna. Gramatikalki izaki femenino eta singularra da. Horregatik, musika sortzea bizitzako premia izan duten zenbait emakumeren obretan zehar ibilbidea egin nahi dugu urteurreneko denboraldian. Aro eta egoera historiko desberdinetako emakumeak dira, eta arreta berezia jarri dugu zentsurarik maltzurren eta bidegabeenaren biktima izan ziren haiengan; norberaren borondatez onartutako ukoaren itxuran azaltzen den zentsuraz ari gara. “Behinola uste izan nuen banuela sormena, baina uko egin diot ideia horri; emakume batek ez du musika egiteko nahirik izan behar: batek ere ezin izan badu egin, zer dela-eta espero nezake nik?”. Clara Wieck XIX. mendeko emakumezko musikaririk onenetakoaren hitzak dira, Clara Schumann bihurtu baino lehentxeago. Historia antzeko kasuz josita dago: karrera profesionala egiteko gogoa izatea ere onartu ez zitzaien emakumeak, baztertuta geratu zirenak, onenean ere, mirespen amateurraren txokoan.

Clara Schumannez gain, emakumezko musikagile historikoen atal honetan Ethel Smyth-en musikaz gozatuko dugu. Figura nagusi bat izan zen Ingalaterrako mugimendu sufragistan eta ekintza politikoan. Apur bat lehenagokoa, XIX. mendearen erdialdekoa dugu Louise Farrenc musikagile eta piano-jotzaile birtuosoa, estilo erromantiko bikainekoa. Haren lehen sinfonia eskainiko dugu. Gure denboraldiko amaierako kontzertuan Augusta Holmès-en orkestrazio trinko eta indartsua ekarriko dugu. Eta horien ondoan gure garaiko bi emakume, orkestraren hurbilekoak biak ere: Isabel Urrutia, estreinatuko dugun eta orkestraren urteurrenerako sortu duen pieza batekin, eta Birke Bertelsmeier alemaniarra; orain dela urte gutxi Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenerako egin zuen obraz gozatzeko aukera izan genuen.

Pizkundea

Gizarte osoarentzat hain latzak izan diren garaien ostean, gure urteurrenak irrikatzen dugun normaltasunaren itzulerarekin bat egingo duela espero dugu. Horregatik, gure urtebetetze egunean eta Leonard Slatkin maisu handiaren bisita baliatuz, pizkunde nahi hori gure ustez ondoen islatzen duen obra eskainiko dugu: Gustav Mahler-en 2. sinfonia, “Pizkundea”; eta aurretik Maurice Ravel-en kanta txiki bat, orkestraren historian ezinbesteko musikagilea baitugu. Guk bezala mendea bete duen bidelagun batekin arituko gara, Bilboko Koral Elkartearekin.

Lagunek berretsi dute etorri egingo direla

Lagunak ezin dira falta izan ospakizun handietan. Gurekin izango ditugu hurbileneko talentuak –Joaquín Achúcarro, Asier Polo, Vanessa Goikoetxea, Miren Urbieta– eta azken urteetan lagundu izan diguten izen handiak: Christian Zacharias piano-jotzaile eta zuzendaria, Frank Peter Zimmermann eta Ning Feng biolin-jotzaileak, Gabriela Montero biolin-jotzailea, Giancarlo Guerrero zuzendaria; eta poz handia ematen digu gure zuzendari titular izandako Günter Neuhold-en bisitak ere.

Haiekin batera, gure denboraldian figura garrantzitsu batzuen debutak izango ditugu. Besteak beste, goranzko karrera egiten ari den Shiyeon Sung zuzendaria, edo Laurence Equilbey, espezialista handia errepertorio klasikoan eta Insula Orchestra eta Accentus koroa bezalako elkarte ospetsuen sortzailea. Edota Marco Armiliato; Omango operan harekin lankidetzan aritu ginen eta zirrara handia eragin zion orkestrari. Gainera, bikotea eratuz, euren instrumentuetan erreferente diren bi emakume beterano: Elaine Douvas oboe-jotzailea eta Nancy Allen harpa-jotzailea. Julliard School-eko irakasleak dira biak, eta bakarlariak METeko Orkestran eta New Yorkeko Filarmonikan, hurrenez hurren.

Denboraldi berezi honetan Bizkaiko abesbatzen munduak presentzia garrantzitsua behar zuen. Horregatik, arestian aipatutako Bilboko Koral Elkartearekin batera gure ospakizunean izango ditugu San Juan Bautista Abesbatzako gazte apartak eta Ondarreta Abesbatza, Amancio Pradaren Cántico espiritual desiatuarekin. Oso hitzordu berezia, gure Gabonetako egitarauan berreskuratu duguna.

Cameron Carpenter eta Alexandra Dogvan

Gonbidatu berrien artean badira arreta berezia merezi duten bi izen. Euskalduna Jauregiko Karl Schuke organo itzelari hots eragiteko, organoaren munduko azken urteotako figura nagusia ekarriko dugu. Sekulako musikaria, langak apurtzen ohitua: Cameron Carpenter organista. Eta hurrengo ehun urteetako etorkizunaren ordezkari, Alexandra Dogvan, piano-jotzaile gazte-gaztea, musikari izugarria. Grigory Sokolov-ek babesten du, eta hau esan du berataz: “ezin liteke esan haur miraria denik; izan, bada miraria, baina ez du haur baten moduan jotzen”.

BOS Orquesta Sinfónica

Opera eta zinema John Williams-ekin

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren historia estu lotuta dago operarekin. Batez ere, ABAOrentzat kolaborazio ugari egin ditu haren ia hirurogeita hamar urteko ibilbidean zehar. Operaren eta kontzertu sinfonikoaren arteko txandakatze horrek malgutasun handia eta errepertorio zabala eman dizkio orkestrari. Bi egitarautan ospatuko dugu operarekin dugun lotura. Batetik, Lester Lynch baritonoa arituko da errezitaldi batean, Verdi eta Wagner Europako musikaren bi erraldoiek sortutako rol nagusietako batzuetan. Eta bestetik, Siegfried-eko III. ekitaldia kontzertuan interpretatuko du ahots wagnertar handiek osatutako talde batek. Tetralogiaren une gorenetako bat da, eta, zenbait espezialistaren iritziz, gure zuzendari Erik Nielsen tartean dela, bertan dago Nibelungoen epopeiako musikarik ederrenaren parte bat.

Zinemako musikaren omenaldia, bestalde, bizirik dagoen soinu-banden egile garrantzitsuenari eskainiko diogun egitarauan gauzatuko da: John Williams-i buruz ari gara. New Yorkeko musikagilearen monografiko batean jasoko dugu Star Wars, Schindlerren zerrenda eta Superman filmetako musika ahaztezina, beste batzuen artean. Huts egin ezinezko hitzordua zinemako musikaren zaleentzat.

Gure musika ondarea

Arreta berezia jasoko duen beste arlo bat gure sortzaileei eskainitakoa da. Ildo horretan, bereziki ahalegindu gara Andrés Isasiren obra berreskuratzen, eta denboraldi honetan beraren bi poema sinfoniko eskainiko ditugu, musikagile bizkaitar horren lau obra barruan hartzen dituen edizio-plan baten ildotik. Obra berrien atalean erabateko bi estreinaldi izango ditugu: aurrean aipatu dugun Isabel Urrutiarena, eta Vienan etorkizun handiko karrera egiten ari den Javier Quislant musikagile bilbotarrarena. Arriagaren eta Guridiren musika ere protagonista izango da gure denboraldiaren hasieran. Hain zuzen ere hemengo musikagile eta interpreteekin abiatuko dugu denboraldia, Bizkaia osoari omenaldi musikala egin nahian.

ABONU TEMATIKOA AHOTSA

Denboraldi Sinfonikoa: 1a., 3a., 7a., 15a.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren historia estu lotuta dago ahotsarekin. Gure jardueraren funtsezko alderdia dugu opera. Ildo horretatik, gailentzekoak dira, batez ere, ABAOrekin egindako kolaborazioak, haren ia hirurogeita hamar urteko ibilbidean zehar. Orkestraren zulogunearen eta kontzertu sinfonikoaren arteko txandakatze horrek malgutasun handia eta errepertorio zabala eman dizkio orkestrari. Horrez gain, ahotsa zabal jorratzen da gure errepertorio sinfonikoan, solista handiak gonbidatzen ditugulako eta Euskal Herriko abesbatzen jarduera indartsuarekin kolaboratzen dugulako. Orkestrako ahotsaren munduari eskainiko diogu mendeurreneko denboraldiaren gaikako abonamendua, lau kontzertu hauekin: ahotsa Bizkaian, Vanessa Goikoetxearen eta San Juan Bautista Abesbatzaren ahots gazteek eskainiko dutena; Europako operaren bi koloso handien ospakizuna, Lester Lynch baritonoarekin, zeinak Verdiren eta Wagner-en rol nagusi batzuk interpretatuko dituen; beste tradizio musikal batzuekiko elkarrizketa, Amancio Pradaren ahots pertsonalaren eskutik, Ondarreta Koralarekin batera arituko dena; eta, azkenik, gure orkestran tradizional bihurtu den formatu bat, opera kontzertua, Siegfriden III. ekitaldiaren interpretazioarekin, ahots wagnertar handiek osatutako talde batek interpretatutakoa.

Abona zaitez

IRAKURRI ALDIZKARIA

Denboraldi berriaren aurkezpena bideoa

Ganberako Denboraldia 2021 – 2022


Gure ganberako denboraldiak 11 kontzertu izango ditu, ohi den baino bat gehiago, 2021eko urtarrilean bertan behera utzitako egitaraua berreskuratu egingo delako.

Gure denboraldi sinfonikora gonbidatutako bakarlarietako batzuen ganberako jarduna eskaintzen jarraituko dugu “Bakarlari handiak errezitaldian” zikloaren bidez. Oraingoan Lester Lynch baritonoa izango dugu, Erik Nielsenek pianoan lagunduta; Amancio Pradaren kantak, bere gitarra eta Teresa Valente gure biolontxelo-jotzailea lagun; eta Asier Polo, ganberako musikaren interpretatzaile bikaina, BOSeko musikariekin elkarlanean.


Programazio nagusia osatzeko, orkestrako musikariek eratutako taldeek askotariko ganbera-musika eskainiko dute.

Kontzertu guztiak 19:30etan izango dira.
Programazio hau alda liteke.

Abona zaitez