Sormen jarduera berriak eskaintzea eta garatzea, taldeko musika-inprobisazioen bitartez; musikari eta parte-hartzaileen artean topaketarako espazioa sortzea; eta, soinu-paisaia desberdinak eratzea, horrela, gure kultur aniztasuna sustatzeko (nortasunak eta taldeko nahiz norbanako balioak sendotuta).
Elena Pérez Sáez de Buruaga
Tailer guztietako gidoia eta zuzendaritza.
Dohainekoa.
Elkarte eta talde zehatzei zuzendutako programa. Sartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta baieztapena jaso.
Informazio gehiago eta izen-ematea: musikahazi@bilbaorkestra.eus.
LANTEGI BATUAK. erakundeak askotariko prestakuntza-tailerrak ditu antolatuta, non erabiltzaileek, desgaitasun intelektatualen bat izanagatik, aukera baitute beste ahalmen ugari garatzeko, besteak beste, musikarekiko ahalmena.
ADSIS BESTALDE. fundazioarekin lankidetzan eta musika-tailerren bitartez, BOSek askatasunik ez duten pertsonen normalizazioaren eta gizarteratzearen alde egiten du.
ASKABIDE. Prostituzioak eragindako marjinazioaren eta bazterkeriaren alorrean aritu izan da 1985etik. Musika-inprobisaziotik abiatuta, kultur arteko komunikazioa, sentsibilitatea eta, halaber, musikarekin nahiz sormen pertsonalarekin lotutako beste zenbait alderdi bultzatzeko egiten dugu lan.
GIZAKIA. Zenbait kolektiboren (drogen menpekotasuna dutenak, arriskuzko jokabidea duten adin txikikoak eta gazteak, etab.) gizarteratzea bultzatzeko asmoz Bizkaian aritzen den irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Tailer hauetan, ongizate eta askatasunezko espazioa eraikiko da, eta musikaren bitartez adierazteko eta komunikatzeko aukera emango du.
“Bilboko ospetsuen”sariak banatu eta aintzatespenak ezagutzera emateko ekitaldiaren baitan, abenduaren 15ean, udalak BOS saritu zuen “hiriko enbaxadore” gisa, orkestraren mendeurrenaren urtean.
Aintzatespenak entregatzeko ekitaldia Udaletxeko Arabiar Aretoan egin zen, non udal korporazioak Bilbao Orkestra Sinfonikoa aintzatetsi zuen, haren ibilbidearekin Bilboren izen ona zabaltzen laguntzeagatik.
Alkateak, Juan Mari Aburtok, “beste ehun urte” opa zizkion orkestrari, eta saria eman zion BOSen zuzendari nagusi Ibon Aranbarriri. Hark eskerrak eman zizkien ehun urte hauetan BOSen alde hainbat esparrutan lan egin duten pertsona guztiei.
Jadanik eskuragarri dituzu BOSen argazki berriak. Argazkiok BOSen egoitzaren inguruan egin ziren, eta Orkestra bere mendeurrenean hilezkortzen dute. Argazkien atzealdeak mendeurrenaren horma-irudia, Bilbao Itsasmuseum (zeinaren laguntza eskertzen baitugu) eta Euskalduna Jauregia bera izan dira. Azken hori Orkestraren egoitza da, hain zuzen ere.
Argazki-saioek ikusmin handia sortu zuten hirian. Jende begiluzea eta zaletua ere hurbildu zen musikarien taldearengana eta gure zuzendari titularrarengana, autografoak eskatu eta guzti.
Emaitzak bikainak izan dira eta guztiokin partekatu nahi ditugu.
BOSek BOSlarien IX. edizioa antolatu du, ganbera-musika egiten hasteko, praktikatzeko eta hobetzeko prestakuntza-programa bat, musikari amateurrei zuzendutakoa.
Programa horren bidez, agertokiaren eta publikoaren arteko arrakala gainditu nahi dugu, musika profesionalaz haratago gizartearen beste esparru batzuetan ere musika egitea sustatzeko. Horretarako BOSen irakasleekin eta zaletuekin loturak ezarriko dira.
Guk ere bat egin nahi dugu Fernando Velázquez konpositore bizkaitarrak jaso dituen ondo merezitako zorion-adierazpenekin; izan ere, Grammy Latino saria lortu du moldaketa onenaren kategorian, «El plan maestro» abestian egindako lanagatik.
Urteetan zehar, ohikoa izan da Fernando Velázquez Orkestraren podiumean ikustea. Gure “Kontzertu didaktikoen” baitan, Zipi eta Zape filmerako idatzi zuen soinu-bandaren interpretaziotik hasita, elkarrekin egin dugun Ura Bere Bidean kontzertu jendetsura, aurtengo urrian eskaini genuena.
BOSek «100 urte musika egiten» komikia aurkezten dizue. Aurten, gure mendeurrenaren zabalkunde publiko handiagoa lortzeko asmoz garatu ditugun proiektuetako bat da, Olabeagako horma-irudiarekin eta Bizkaia zeharkatu duen erakusketa ibiltariarekin batera.
Kike Infame marrazkigileak sortu du komikia, eta bertan alegiazko batuta batek BOSen historia kontatuko digu. Batuta hori 1922an eman zioten BOSeko lehen zuzendariari, Armand Marsicki, Orkestraren lehen kontzertua zuzendu zezan, eta ordutik zuzendariz zuzendari igaro da gaur egunera iritsi arte.
Istorio honek Orkestra gizartearekin lotzen du, zeinean jaio baitzen eta bizi baita.
Komikia Bizkaiko udalei, kontserbatorioei, musika-eskolei eta udal-liburutegiei banatuko zaie, eta pdf formatuan egongo da eskuragarri hementxe bertan, BOSen webgunean.
Colette Semkow Braseyk, Jerzy Semkow poloniar-frantziar zuzendari ospetsuaren alargunak, bere senarraren musika funtsa dohaintzan eman zion Bilboko Orkestra Sinfonikoari, izan ere, zuzendariak eta orkestrak 12 urte baino gehiagoko (1994-2007) lankidetza harreman estua izan zuten.
BOSentzat ohore eta erantzukizun handia da maisu ospetsu eta maitatu honen funtsa kontserbatzeko ardura izatea. Ondare aberats eta esanguratsu hau jasotzean, gure historiaren zati handi bat kontserbatzen dugu. Semkow maisua bezalako zuzendaritza-profesional handien sustapenari eta lanari esker, urte batzuetan zehar orkestrak hazkunde profesional eta artistikoko etapaz gozatu zuen, eta garai hori ezinbestekoa izan da ehun urteko orkestrak azken 30 urteetan izan duen bilakaera azaltzeko.
Zuzendari batentzat oso garrantzitsua da bere musika funtsa (idatzia eta iruzkindua), eta horrelako baliabide garrantzitsua gure artxibora gehitu da Colette Semkow Brasey bere alargunak hala nahi izan duelako.
Ziur gaude erabaki hori hartu zuela Semkow maisuarentzat orkestra euskaldun hau, Bilboko Sinfonikoa, oso garrantzitsua izan zelako. Horrek asko pozten gaitu, bereziki kontuan hartzen badugu bere ibilbide profesional zoragarrian harreman estua izan zuela maila artistikoko eta ospe handiko beste orkestra handi batzuekin.
Ziurra dena da bere presentziak, izaerak, ezagutzek eta kalitate profesionalak eta gizatiarrak gure erakundean aztarna sakona utzi zutela. Aztarna hori orain ezabaezina izango da, gure artxiboan SemkowFuntsa baitugu.
Jerzy Semkow funtsa
Funts hori BOSen Artxiboak inbentariatu du, eta beraz, une honetatik aurrera, eskuragarri dago adituek eta interesdunek kontsulta dezaten.
Semkow maisuaren musika funtsean nagusiki zuzendaritza partitura bilduma handi bat dago, eta gehienak berak landu zituen. Partiturekin batera arku-oharrak dituzten harizko kinteto batzuk daude, eta kasu askotan idatzita dago zein orkestrekin landu zituen obrak.
Katalogoan 1400 sarrera baino gehiago daude 70 kutxatan gordeta. Ez da dokumentazio irizpiderik jarraitu materiala antolatzeko, baizik eta inbentarioa egitean eta gordetzean kontserbazio baldintza ezin hobeak bete dira, horrela azkar eta erraz kontsultatu ahal izateko.
Errepertorioari dagokionez, konpositore sinfoniko handiak nabarmentzen dira, eta horien artean Mozart eta Beethoven leku pribilegiatuan daude kontserbatutako beraien obra kopuruari erreparatuz gero. Hala eta guztiz ere, beste konpositore garrantzitsu batzuek presentzia handia dute baita ere, besteak beste Brahms, Schumann, Mahler, Strauss eta Bruckner. Konpositore eslaviar asko daude baita ere. Hala, ohikoa da Tchaikovskyren, Prokofieven, Shostakovichen, edo Rachmaninoven lanak aurkitzea; autore horien opera lan asko eta asko kontsultatzea posible da. Maisuaren jatorria kontuan hartuta, hainbat autore poloniarren obrak daude baita ere, adibidez Szymanowski, Lutowslaski edo Moniuszko. Halaber, obra barroko gutxi batzuk ere badaude, Bach edo Corellirenak besteak beste.
Pieza bitxienetako bat XIX. mendeko errusiar konposizio faltsu bat da, Mykola Ovsianiko-Kulikovskyren 21. Sinfonia. Mikhail Goldstein biolinistak 1940ko hamarkadan idatzitako iruzurrezko pieza da.
Argitaletxeei dagokienez, Breitkopf & Härtel, Bärenreiter, Eschig edo Dover klasikoez gain, bitxia da State Music Publisher argitaletxeak duen nagusitasuna. Sobietar Batasuneko argitaletxea izan zen eta ia-ia autore errusiar guztiak ordezkatzen ditu.
Semkow Funtsaren inbentarioa Eresbilen eta Musikeneko mediatekan ere kontsultatu ahal izango da.
Jerzy Semkow. Biografia
Jerzy Semkow orkestra zuzendari poloniarra izan zen. 1928ko urriaren 12an jaio zen Radomskon eta Lutryn hil zen 2014ko abenduaren 23an 86 urte zituela.
Zuzendari ospetsua izan zen, bai operan bai kontzertuetan. Bere mentoreak izan ziren besteak beste Erich Kleiber, Bruno Walter eta Tullio Serafin. 1954an hasi zen zuzendari lanetan Leningradon (gaur egun San Petersburgo dena) Yevgueni Mravinsky XX. mendeko zuzendari handienetakoarekin, eta bere laguntzailea eta kide estua izan zen 1956ra arte. Ondoren, hurrenez hurren Varsoviako Opera Nazionalaren Antzokian zuzendari artistikoa eta zuzendari iraunkorra izan zen (1958-1959); Varsoviako Opera Nazionaleko zuzendari nagusia (1959-1962); Danimarkako Operakoa eta Danimarkako Errege Orkestrakoa Kopenhagenen (1966-1976); RAI Orkestrakoa Erroman eta St. Louiseko Orkestra Sinfonikoko musika zuzendaria (1975–1979) eta Rochesterreko Orkestra Filarmonikoko musika aholkularia eta zuzendari titularra (1985–89). Zuzendari gonbidatu gisa jardun zuen Milango Scala Operan, Erromako, Florentziako, Veneziako (La Fenice), Ginebrako, Londresko (Covent Garden) opera antzokietan eta Moskuko Bolshoi antzokian.
Hainbat opera ekoizpen zuzendu zituen eta kontzertuak eskaini zituen (nagusiki Mozarten errepertorioarekin) d’Aix-en-Provenceko nazioarteko jaialdian. Jerzy Semkowk Europako, Amerikako eta Australiako orkestra sinfoniko garrantzitsuenetako asko zuzendu zituen.
1994 eta 2007 artean gonbidatu oso ohikoa izan zen Bilboko Orkestra Sinfonikoan. 10 urte baino gehiagoan Bilboko taldea zuzendu zuen 12 alditan baino gehiagotan, eta horrela, zuzendari poloniar-frantsesaren eta orkestraren artean harreman oso berezia eta estua sortu zen.
Jerzy Semkowren jarduera batzuk gazteei zuzenduta egon ziren, adibidez kontzertuak zuzentzen zituen eta hitzaldiak eta masterclasseak eman zituen.
Jerzy Semkowk hainbat grabaketa egin zituen, bereziki Columbia, His Master’s Voice, Fona eta Musa (Polish Phonographic Company) konpainiekin. Jatorrizko bertsioan egin zuen Boris Godounoven grabaketak (Martti Talvelak egin zuen paper nagusia) sari asko jaso zituen, baita ere Saint-Louisko orkestrarekin eta abesbatzekin grabatu zituen Beethovenen obrek. Aipatzekoak dira baita ere Schumannen sinfonia osoak, Brahmsen sinfoniak, Beethovenen, Tchaikovskyren eta Scriabinen hainbat sinfonia, Igor Borodin Printzearen grabaketa eta Karol Szymanowskiren konposizio garrantzitsuenen zikloan, bere hirugarren eta laugarren sinfoniak. Jerzy Semkowk “Urrezko Diskoa” jaso zuen Mozarten sinfonien bere interpretazioengatik.
Jerzy Semkowk erlijio musikaren forma handiak ere landu zituen: Mozarten Requiema Chopinen heriotzaren 150. urteurrenean Eurovisionen Parisko Eglise de la Madeleinen eskainitako omenaldi kontzertu handi batean, Orchestre national de Francerekin eta Chœur de Radio-Francekin, Beethovenen Meza do maiorrean Parisen baita ere, eta Mozarten Meza do minorrean Parisko Notre-Damen Parisko Erlijio Musika Jaialdian.
Jerzy Semkow Polonian jaio zen, Colette Semkow Braseyrekin ezkondu zen eta frantziar herritarra zen. Arteen eta Letren Zalduna izan zen, ofiziala eta gero komandantea eta Varsoviako Frédéric-Chopin akademiako honoris causa doktorea (2005) eta Lodzeko musika akademiakoa baita ere (2013). Gloria Artis Poloniako Urrezko Ordenaren domina eman zioten baita ere.
2017ko urrian bere emazteak fundazio bat sortu zuen Sionen (Suitza) musika klasikoa zuzendariari gustatzen zitzaion moduan sustatzeko. Promozio horren barnean, Polonian eta Suitza frankofonoan musika hezkuntzaren alde egiten da eta ekitaldiak antolatzen dira entzuleak musika klasikoa entzutera ohitu daitezen.
2022-23 denboraldi sinfonikoko azken orduko sarreren salmenta jarri dugu abian.
Azken orduko sarrerak deskontu handia dute, jatorrizko prezioaren % 50 ingurukoa.
Denboraldi sinfonikoan, saio bakoitzeko, gehienez 50 azken orduko sarrera jarriko ditugu salgai. (baldin eta sarrerak eskuragarri badaude)
Sarrerak saio bakoitza hasi baino 24 ordu lehenagotik erosi ahal izango dira.
Azken orduko sarrerak txarteldegian erosi daitezke eta baita online ere, gure webgunean. Aurreko denboraldian ez bezala, oraingo honetan ez da promozio-koderik behar online erosketan deskontua aktibatzeko.
Erosketa-prozesua arintzeko, online erostea eta kreditu/zordunketa txartel bitartez ordaintzea gomendatzen dizuegu.
Miroslaw Hodorek, bigarren biolinen lerroko kideak, erretiroa hartu du 36 urtez BOSen parte izan ondoren.
Zorterik onena opa diogu hasi berri duen etapa honetan, eta bihotz-bihotzez eskertzen diogu zazpi bosturteko pasatxo hauetan egindako lana, izan ere, eskaintzeko zuen onena eman baitigu Orkestra hazten laguntzeko.