BOSEK IGOR STRAVINSKYREN “OBRA GALDUA” INTERPRETATUKO DU ASTE HONETAN

Maisu errusiarrak 1908an idatzitako ‘Hileta-kantua’ orkestra-konposizioa interpretatuko du BOSek. Obra Errusiako Iraultzaren garaian galdu zen, eta 2015ean aurkitu zuten San Petersburgoko kontserbatorioan.

Ostegun eta ostiralean, gure Denboraldi Sinfonikoaren 15. egitarauaren barruan, BOSek “Hileta-kantua” interpretatuko du. Igor Stravinsky (Oranienbaum, Errusia, 1882-New York, 1971) konpositore errusiarrak 1908an idatzitako obra da; behin bakarrik interpretatu zen, 1909an, San Petersburgon. Ondoren, galdutzat jo zen Errusiako Iraultzan.
Obra berriro estreinatu eta 5 hilabetera, hain zuzen, Estatuan pieza hau interpretatuko duen lehen orkestra izango da BOS. Kate-maila galdutzat hartu izan da pieza hau, eta, horri esker, konpositore errusiar bikainaren bilakaera uler daiteke, osotasunean, hemeretzigarren mendeko tradizio errusiarretik modernotasunera. Urtebete geroago, 1910ean, erabateko musika-bilakaera hasi zuen, Parisen estreinatutako “Suzko txoria” obrarekin.
Obra galdutzat jo zen Errusiako Iraultzan. Baina 2015ean, San Petersburgoko Kontserbatorioa zaharberritu ondoren, katalogatu gabeko musika-eskuizkribu ugari aztertu ziren, eta kontserbatorioko orkestrak 1909ko estreinaldian erabilitako particella edo eskuz idatzitako zati solteak aurkitu ziren.
Obra berriro interpretatu zen 2016ko abenduaren 3an, aurkitu zutenetik lehenengo aldiz, Valeri Guérguievek zuzentzen duen Mariinski Antzokiko Orkestraren eskutik.
Aurkikuntzaren ondoren, mundu osoko 9 orkestrak interpretatu dute obra orain arte (interpretazio ordenan): Mariinsky Orchestra; Seoul Philharmonic Orchestra; Symphony Orchestra of the Moscow Conservatory; Singapore Symphony Orchestra; Netherlands Radio Philharmonic; Philharmonia Orchestra (Londres); Orchestre National de France; Chicago Symphony Orchestra; New York Philharmonic, eta Auckland Philharmonia. Beraz, BOS hamargarren orkestra izango da munduan obra interpretatzen, Mariinsky Antzokiko Orkestrak berriro estreinatu zuenetik.

Erik Nielsenek 3 urtez berritu du BOSen zuzendari titularra izateko kontratua

Erik Nielsen estatubatuarrak Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin duen konpromisoa berritu du beste hiru denboraldirako, eta, beraz, 2021eko abuztura arte luzatu du bere kontratua.
Nielsen 2015eko irailean hasi zen orkestran, 2018. urtera arte sinatutako lehenengo kontratuarekin. Juan Crisóstomo de Arriaga-Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioaren Patronatuak, Nielsen zuzendari titular izendatzeko, kontuan izan zituen, garai hartan, bai maisuaren “errendimendu bikaina”, bai orkestrako kideekin zeukan “harreman ona” eta “bere musika-gaitasun nabarmena eta proiekzio artistikoa”.
1977an jaio zen Iowan, eta orkestra-zuzendaritza ikasketak egin zituen Philadelphiako Curtis Institutuan. Horrez gain, oboe eta harpa diplomak eskuratu zituen New Yorkeko Juilliard Schoolen. Harpa-jotzailea izan zen Berlingo Filarmonikoan, Frankfurteko Operako kidea izan zen, eta, besteak beste, Basileako Antzokiko musika-zuzendari kargua bete zuen.

Facebooken ditugun jarraitzaileetako 100 gonbidatuko ditugu 12. egitaraura!

Dagoeneko 10.000 jarraitzaileen kopuru biribila gainditu dugu Facebooken, eta ospatzeko modu bikaina pentsatu dugu: Facebookeko orrialdean ditugun jarraitzaile horietako 100 gonbidatuko ditugu gure orkestraz gozatzera, beste pertsona batekin batera. Horietako 50 ostegunean (hilaren 23an) joan ahal izango dira, eta beste 50, berriz, ostiralean (hilaren 24an). Hau da, guztira 200 pertsona gonbidatuko ditugu gure kontzertura, sustapen honi esker.

Horretarako, lehiaketa bat jarri dugu abian Facebooken daukagun orrian; bertan, gure orrialdearen edozein jarraitzailek hartu ahal izango du parte, honako galderari erantzungo dion esaldiren bat jarriz: “Zer da BOSetik gehien gustatzen zaizuna?”. Hori eginez gero, sarrera bikoitz horietakoren baten zozketan sartuko da.

Zuen erantzuna Facebookeko gure orrialdearen sarrera hauetan utzi behar duzu:

> Ostegunean joateko
> Ostiralean joateko

Hemen dituzue oinarriak eta parte hartzeko era. Zorte on!

 

BOSen zozketarako oinarriak, 2016-17 denboraldiko 12. egitaraurako

 

Helburua:

BOSek zuekin batera ospatu nahi du Facebooken 10.000 jarraitzaile dituela, eta 50 sarrera bikoitz zozketatuko ditu martxoaren 23rako, eta beste 50 sarrera martxoaren 24rako, sare sozial horren bitartez.

 

 

Sustapenaren iraupena

2017ko martxoaren 16ko 17:00etatik aurrera parte hartu ahal izango da zozketan, 2017ko martxoaren 20ko 23:59ra arte.

 

 

Saria

 Hauxe izango da saria:

– 50 sarrera bikoitz, 12. egitaraurako, martxoaren 23ko emanaldirako (osteguna).

– 50 sarrera bikoitz, 12. egitaraurako, martxoaren 24ko emanaldirako (ostirala).

Kontzertuaren fitxa: https://bilbaorkestra.eus/conciertos/bos-12/

 

Parte hartzeko baldintzak:

Adinez nagusia izan behar da.

Profil faltsuak edo zozketarako sortuak antzematekotan, ez zaie zozketan parte hartzeko aukerarik emango.

Zozketa Espainiako Estatuan egingo da, eta pertsona fisikoentzat izango da.

 

Nola parte hartu zozketetan:

Parte-hartzaileek honakoa egin behar dute:

  1. Honako galderari erantzutea: zer da BOSetik gehien gustatzen zaizuna?
  2. BOSek Facebooken daukan orrialdeko jarraitzailea izatea.

 

Edozein erabiltzailek har dezake parte, sustapen honetan izena emateko argitaratzen den edozein sarreraren bitartez.

 Irabazleak, hala nahi izanez gero, sariari uko egin ahal izango dio. Irabazleak sariari uko egiten badio, ez du inongo konpentsaziorik jasoko horren truke.

Irabazleari modu nominalean emango zaio saria. Titular irabazleak eta laguntzaile gisa berak izendatutako pertsonak baino ez dute izango sarirako aukera. Sariaren titularrak ezin izango dio saria beste inori laga edo trukatu.

Parte-hartzaile bakoitzak sarrera bikoitz bakarra eskuratzeko aukera izango du.

  

Irabazleak

 Zozketa ausaz egingo da, berariazko online erreminta (Easypromos) erabilita.

Zozketa martxoaren 21ean izango da, eta irabazleen izenak egun horretan bertan iragarriko dira, BOSen sare sozialen bitartez.

Zozketa bidez, 100 irabazle eta 20 ordezko izendatuko dira. Horien erabiltzaile-izenak BOSen Facebooken orrian argitaratuko dira.

Irabazleek mezu pribatu bat bidali beharko dute sare sozialen bitartez hogeita lau orduko epean, irabazleen zerrenda argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Mezu horretan, euren izena, abizenak eta NAN zenbakia idatzi beharko dituzte, kontzertuaren egunean (hala ostegunean nola ostiralean) txartel-leihatilan sarrerak jaso ahal izateko.

Irabazleren batek adierazitako epean mezu pribatu hori bidaltzen ez badu edo sariari uko egiten badio, ordezkoei emango zaie saria, 1etik 20ra bitarteko goranzko ordenari jarraituz. Ordezkoak agortzen badira, saria eman gabe geratuko da.

 

Pribatutasun politika

Zozketaren emaitza iragartzeko xedez, parte-hartzaileek baimena ematen diote BOSi euren erabiltzaile-izena sare sozialetan argitaratzeko.

Sustapen honetan ez da datu pertsonalik gordeko.

 

Oinarrien onarpena

Sustapenean parte hartuz gero, oinarri hauek oso-osorik onartu behar dira. Hori dela eta, onartzen ez badira, parte-hartzailea zozketatik kanpo geratuko da, eta, ondorioz, BOS parte-hartzaile horrekiko obligazioa betetzetik salbuetsita egongo da.

Parte-hartzaileak ez badu oinarri hauetakoren bat betetzen, zozketatik kanpo geratuko da, eta, hala badagokio, saria ere kenduko zaio.

BOSek neurriak hartzeko eskubidea dauka, zozketa honen inguruan espekulazio edo negozio sistemak ezar ez daitezen. Hori lortzeko, egokitzat jotzen dituen legezko ekintzak eraman ahal izango ditu aurrera.  Era berean, BOSek oinarri hauek eta sustapen honen antolakuntza edota kudeaketa baliogabetu, eten edo aldatzeko eskumena dauka, hori hala egitea justifikatzen duten arrazoiak daudenean.

Oinarri hauen interpretazioan zalantzak edo eztabaidak egonez gero, BOSen irizpidea nagusituko da.

Kontzertuetara joan aurretik gehiago jakiteko bideo bereziak

2016-2017 denboraldian, oso nobedade berezia dakarkizuegu. Kontzertu bakoitzaren aurretik prestatuko dugu.

Kontzertuez eta eskaintzen dugun errepertorioaz gehiago gozatu ahal izateko, hainbat bideo sortuko ditugu, eta, horietan, hurrengo kontzertuko alderdirik garrantzitsuenak aipatuko ditugu. Horretarako, konpositoreez eta haien obrez arituko gara, eta bitxikeriak zein ekarpen teknikoak uztartuko ditugu, kontzertu bakoitzean aurki dezakezuena xehetasunez ikusteko asmoz.

Bideo horiek kontzertu bakoitza baino lehen argitaratuko dira sare sozialetan, eta Youtuben daukagun kanalean ere eskuaragarri egongo dira, “Presentación programas Temporada 2016-2017” izeneko playlist bereziaren barruan.

Hona hemen BOSek 2016-2017 denboraldian dituen kontzertuen egutegia!

Musika onaz gozatu dezagun!